Astigarragako Balizko Arkeologia Guneen izendapena egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ondarea sailak, 1997ko irailaren 29an.
Izendapen horren barruan, beste eraikinen artean, honako baserriak biltzen dira: Goikoetxea, Bortane, Alorre, Oiarbide eta Argindegi zahar. Hona hemen baserri horien ondare-balioa aztergai.
GOIKOETXE baserria
- Kokapena: Santiagomendi auzoan.
- Periodo orokorra: Erdi Aroa, Erdi Aroaren ondokoa. XV-XVI. mendeak
Datu historikoak: GOIKOETXE (1529) – MARIA MIGUEL GOICOECHEA (1576). 1719an Esteban de Aduriz-ek baserria eta bere jabetzen gainean maiorazgoa ezarri zuen, bere ondarearen zatiezintasuna bermatzeko. Gaur egun XIX. mendeko torlojuzko dolarea dauka.
Eraikuntza eta arkitektura: Aipagarria da baserriaren ezkerraldean dagoen sarrera eta ataripea. Bertan egurrezko egiturak ehusten dio teilatuari eta azpian puntu erdiko arkua dago.
Egungo egoera: Egoitzazko baserria da. Bertan, norberaren kontsumorako baratze bat lantzen dute.
BORTANE baserria
- Kokapena: Santiagomendi auzoan.
- Periodo orokorra: Erdi Aroa. XVI. mendea
Datu historikoak: BORTANE (1580) – DOMINGO ECHEANDIA (1584). Oinordeko bakarrari belaunaldiz belaunaldi transmititua. 1842an Jose Ramon Miner izeneko bere ondorengo batek Montevideo-ra alde egin zuen zori hobeago baten bila.
Eraikuntza eta arkitektura: Iparraldeko horman, osagai aipagarrienak daude. Sei irekigune ditu: bost leiho eta ate bat. Behe solairuan, bi gezileiho eta atea ditugu. Eta lehenengo solairuan berriz, hiru leiho konopial eta bikoitz bere mainel eta guzti. Astigarraga 1995 Aldizkaria.
Egungo egoera: Orain dela gutxi arte, erabateko baserri jarduera egiten zen, alegia, baratzagintza, abeltzaintza eta sagardogintza (sagastiak, tolare eta guzti).
ALORRE baserria
- Kokapena: Santiagomendi auzoan.
- Periodo orokorra: Erdi Aroaren ondokoa. XVI. mendea.
Datu historikoak: ALORRE (1570) – AGUSTIN ARTOLA (1659). Astigarragako herribilduaren sorrerarako 1.300 dukatetako jesapena bermatu zuen 39 baserrietako bat izan zen. XX. mendearen amaiera arte sagardoa egin zuen.
Eraikuntza eta arkitektura: Balore arkitektoniko aldetik, gurutzeak eta sarrerako arkua aipatzekoak dira. Teilatuaren gainean dagoen gurutzea teilatuaren gailurrean txertatuta zegoen, eraberritze lanak egin aurretik. Baserriaren atzean eta goiko leiho batean beste gurutze bat zegoen, gaur egun baserriaren alboko harri baten gainean ipinita dago.
Egungo egoera: Egoitzazko baserria da. Norberaren kontsumorako baratze bat dute.
OIARBIDE baserria
- Kokapena: Santiagomendi auzoan, hegoaldean.
- Periodo orokorra: Erdi Aroa. XV-XVI. mendeak.
Datu historikoak: OIARBIDE (1584) – Joanes Arrospide (1659). XVI eta XVII. mendeetan Astigarragako baserri garrantzitsuenetarikoa zen. Baina egoera bi mende geroago aldatu egin zen Juan Antonio Berrondok 1827 eta 1835 artean hiru aldiz hipotekatu ostean. Bere jabeek sagardoa Txotx! oihu eginda Apaizetxea etxearen parean saldu zuten garaia izan zuen.
Eraikuntza eta arkitektura: Nabarmentzekoa da sarrerako puntu erdiko arkua.
Egungo egoera: Bertakoek baratzegintza, abetzaintza eta sagardogintza lantzen dituzte. Oiarbide baserria, bide batez, sagardotegia da.
ARGINDEGI ZAHAR baserria
- Kokapena: Santiagomendi auzoan, ekialdean.
- Periodo orokorra: Erdi Aroaren ondokoa. XVI. mendea.
Datu historikoak: ARGINDEGI ZAR (1563) – Joanes Guruceaga (1563). Sagardoaren komertzializazioan ibili ziren eta bere jabeak Astigarragako aberatsenetarikoa izan ziren. Garai hartan ez ohikoak ziren jantziak zituzten, gizonezkoentzako “galtzerdi leonatuak” eta emakumezkoentzako ile-gurizko soinekoak kasu.
Eraikuntza eta arkitektura: Nabarmentzekoa da sarrerako puntu erdiko arkua.
Egungo egoera: Egoitzazko baserria da. Norberaren kontsumorako baratze bat dute.
_______________________________________
Oharra: Bilduma honetan agertzen diren baserri bakoitzaren datu historikoak,
Sagardoaren Lurraldeak antolatutako “Sagardogintza gure baserrietan” erakusketatik jaso dira.